Gaixoa

[Ipuin hau Idazten ari dela idazten duen idazlea liburuaren Gasteizko aurkezpenerako idatzi nuen, eta, liburuko ipuinen ziklo berdinari dagokio, neurri handi batean]

GAIXOA

Mikel Ayerberentzat.

Idazle askoren biografian topatu ahal den xehetasuna da: txikitan literaturarekiko zaletasuna garatu zutela eritasun larriren batek ohera lotu eta irakurri eta irakurri aritu zirelako, luze, sendatu arte. Orduz geroztik, batek baino gehiagok kontatzen duen bezala, letraz gaixotu ziren, “letrazauritu” bihurtu ziren.

    Josef Kováč umeari horixe gertatu zitzaion: apenas zortzi urte zituela, errubeola bereziki bortitz batez kutsatu, eta ia bi hilabetez egon behar izan zuen ohean. Denbora horretan eskuratu ahal izan zituen liburu guztiak irentsi zituen: Grimm anaien ipuinak, La Fontaineren fabulen ale ilustratu bat, komiki-aldizkari piloa… Bere onera itzuli zenean irakurketaren gaitzak jota zegoen, erremediorik gabe.

     Hain zegoen literaturaz eri ezen, liburu bat leitu bezain laster, ondoezik sentitzen hasten zen atzera, eta, irakurtzen jarraitzen zuenez, hilabete batzuen buruan guztiz gaixotzen zen, umeengan ohikoak diren gaixotasunen aldaera gaiztoenez. Hala, bederatzi urterekin elgorriak harrapatu zuen, eta hiru hilabetez utzi zuen ohera lotuta; denbora horretan Jules Verneren obra ia osoa irakurtzeko gai izan zen, eta Emilio Salgarirenaren zati bat. Hamar urte zituela, bestalde, baztanga eroaren agerraldi bortitz batek jo zuen, eta bost hilabete egin behar izan zituen etxean; ohe-aldi horren amaieran Shakespeareren antzezlan batzuk hasi zen irakurtzen.

    Bardo ingelesaren obra irakurtzen jarraitzeak, Rabelais edo Cervantesenarekin batera, larriki gaixotzera eraman zuen berriro; ordukoan ia urtebete pasatu behar izan zuen zaintzapean, lehenengo ospitalean eta ondoren etxean, sukar erreumatiko sendagaitz baten mende.

    Mutikoak hamabi urte bete zituen egoera horretan zegoela, eta ordurako famatua zen herrialde guztian, hala bere irakurzaletasun aseezinagatik nola bere erudizioagatik, klasikoak eta modernoak besarkatzen zituena; bata bestearen ondotik, unibertsitateko katedradunen bisitak jaso izan zituen liburu-dorreez inguratutako bere ohatzean, eta, bata bestearen ondotik, aberriko letren etorkizuna bera zela egiaztatu zuten guztiek, zalantza izpirik gabe. Garai hartan Austen, Dickens, Flaubert, Tolstoi, Melville eta XIX. mendeko beste nobelagile nagusien lanen miresle porrokatua bihurtu zen, eta sendatu bezain pronto ekin zion Joyce, Proust, Musil, Woolf eta enparauen azterketa konpultsiboari.

    Azken irakurketa horiek, edonola ere, ohera eraman zuten berriro, Josef Kováček berak eta jende guztiak espero zuten bezala. Meningitisa izan zen ordukoan, eta herria gaixotasun larri horren eraginpean jazoko zen hurrengo egitandiaren zain geratu zen.

    Alabaina, Josef Kováč heriotzaren hurbiltasunaz ohartu zen ordukoan, eta, bizitzaren alde apustu eginez, irakurtzeari uzteko erabaki sendoa hartu zuen, Thomas Mannen Mendi magikoa amaitzeko hamar orrialde besterik geratzen ez zitzaizkiola.

   Hobera egin zuen berehala. Bere gurasoek, eta inguruan zebilzkion irakasle eta jakintsu guztiek, harriturik zekusaten gertaeren bilakaera.

   Baina mutikoak ezin izan zion nobelaren amaiera jakiteko irrikari eutsi. Alta jasotzeko bezperan, gauez, inor konturatu gabe, liburuaren azkeneko orrialdeak irentsi zituen.

     Sekula irakurri zuen nobela onena zela pentsatuz hil zen.

Advertisements

One thought on “Gaixoa

  1. Nere postekin loturak: Gaixoa « Goizekoa

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s