Hamabi (edo hamahiru) ohar “Atzerri”-ren inguruan

1. Hau ez da kritika bat. Maila hori erdiesteko gutxienez bi aldiz irakurri beharko nuke Mikel Antzaren Atzerri (Susa, 2012), eta hauek lehenengo inpresio batzuk besterik ez dira, ia bururatu ahala idatziak. Izan ere, printzipioz ez nuen liburua irakurtzeko asmo berezirik, ez horren goiz behintzat, Mikel Antzaren aurreko lanak, Ospitalekoakek hain zuzen (Susa 2010), hotz baino gehiago utzi ninduelako. Baina irakurle batzuek egin dioten harrera beroak bultzatuta, alde batetik, eta Berriako nire artikulu batek nobelaren abiapuntuan izan omen zuen eragina konprobatzeko gogo nartzisistaren eraginez, bestetik, animatu egin naiz leitzera.

2. Atzerri ez zait nobela biribila iruditu.  Hasiera indartsua du, une gogoangarri batzuk, baina, oro har, intentsitatea galtzen doa aurrera egin ahala, eta ez dut uste egileak askapen on bat ematen asmatzen duenik (nobela gisa). Baina nobela da behintzat, edo nobela izan nahi du, Ospitalekoak baino gehiago (adibidez). Besteak beste, egilea generoaren arazoa saihesten saiatzen dela iruditzen zaidalako: zaila baita mota honetako liburuak, gure historia hurbilaren pertsonaia esanguratsu batek idatziak, genero baten barruan kokatzea. Liburuaren kontrazalak nahi duena esan dezake, baina halako liburu bati ekiteko unean beti sortuko da irakurlearengan zalantza: autobiografia baten aurrean egongo al zara, memoria liburu baten aurrean? Eta horrek, zer esanik ez, zure irakurketa baldintzatuko du, neurri batean behintzat. Baina demagun, material autobiografikoa dena delakoa izanda ere, hau nobela bat dela, nagusiki, (auto)fikzio bat alegia, sasira jotzearen eta, zirkunstantzia horietan, literaturaren ezintasunaren inguruko nobela bat (besteak beste); horretan bat etor naiteke Beñat Sarasolaren iruzkinarekin, nahiz eta ez, ordea, liburuari esleitzen dion handitasunarekin. Ikuspuntu horretatik, jaso dituen laudorioen artean testu “zintzoa” dela azpimarratzea, balio gisa alegia, Iñigo Roquek egin bezala, pixka bat lekuz kanpo dagoela iruditzen zait: zintzotasun-maila neurgailu egoki bat izan daiteke autobiografia eta enparauen kasuan, baina fikzioaren kasuan, nik uste, ez dauka leku berezirik.

3. Arazoa sortuko litzateke ebatziz gero ez dela soilik nobela bat, ordea. Orduan bai izango lukeela zentzua Roquerena bezalako iritzi batek (eta hala ere oker egongo litzateke, nire uste apalean. Baina horretaz hobe parentesi artean aritzea, 12. puntuan egiten saiatuko naizen bezala). Fikzioa eta autobiografia agerian nahasten dituzten mugako genero hauek, azken finean, fikzio klasikoa baino areago, tranpaz josita daude. Irakurlearentzako, noski, baina baita idazlearentzako ere.

4. Nobelaren idazkera sendoak eta seguruak harritu nau: ondo idatzitako liburua da. Tira, harritu nau: gezurra diot,Ospitalekoak ondo idatzita zegoelako orobat. Baina hemen prosa sendo hori helburu (niretzat) interesgarriago baten zerbitzuan dagoela iruditu zait: gogoan dut Ospitalekoak (kostata) amaitu nuenean pentsatu nuela “ez da hau Mikel Antzak kontatzeko digun interesgarriena: kartzelari buruz irakurri ditugu lan zirraragarriagoak”. Nobela hau Mikel Antzak fikzio edo memoria gisa ondo konta diezadakeen horretatik hurbilago dagoela esango nuke, eta horrek, ziurrenik, bere prosaren jarioa areago azpimarratzeko eragina izan du nigan, irakurle gisa. Eta, zalantzarik gabe, jauzia egin du, alor horretan, gaztetako bere idatziekin alderatuta (aitorpen bat: ez naiz bere 80ko hamarraldiko produkzioaren zale handia. Agian beranduegi irakurri nuelako eta ordurako beste euskal ipuingile batzuek habia eginda zutelako nigan; inoiz aipatu dudan bezala, 1980ko hamarraldia baino, 1990koa izan zen niretzat “euskal ipuingintzaren aroa”, 1980koaren garrantzihistorikoa ukaezina den arren…).

5. Horrekin lotuta, zilegi iruditzen zait planteatzea ez ote litzatekeen Atzerri izango ipuin liburu hobea, nobela baino (hori da batzuetan Bilbao-New York-Bilbaorekin edo Unai Elorriagaren nobela batzuekin izaten dudan susmo igarokorra). Amaierako suitearen indarrak (hain zuzen ere “Atzerri” izenburukoa) uste hori berrestera eraman nau, adibidez. Baina ipuin bezala txukun funtzionatzen badu ere, ez zait iruditzen, indar metaforikoa gorabehera, nobela ixteko modu egokia denik. Amaiera ez-biribilak arrisku bat dira nobeletan, batzuetan ondo atera daitezkeen arren (Harkaitz Canoren Twisten hala gertatzen dela esango nuke, adibidez). Ez nintzateke ausartuko defendatzera, ordea, hori denik Atzerriren kasua.

6. Nobelak, zer esanik ez, baditu elementu oso nobeleskoak, primeran funtzionatzen dutenak haria altxatzeko orduan; horietako bat, niretzat, Mexikoko erbesteratzearen inguruko atala (eta bere askaera) da, eta beste bat hasierako zutabe azpimarratuaren “berreskurapena” (“Mont Blanc asana” kapituluan). Baina halako uneak alde batera utzita, nobelaren errepikakortasunak, maiz, forma nobeleskoaren kontra konspiratzen duela esango nuke. Ez dut ukatuko ondo islatzen duela, esaterako, bizitza klandestinoaren mood konspiranoiko eta larritasunez betea. Errepikakortasuna, beraz, ez litzateke arazoa izan behar. Printzipioz. Kontua da nobelak orobat daukan elipsirako beste joerarekin gaizki konbinatzen dela: jokabide antitetikoegiak dira. Hainbestekoak dira elipsi horiek ezen inpresioa izan baitut, kasu batzuetan, nobela “ezingo” litzatekeela irakurri Mikel Antza nor den jakin gabe; hots, bere fikziozko izaera gorabehera, nekez leitu daitekeela modu (gutxi gorabehera) autonomo batean. Eta elipsirako joera horrek une “nobelesko” gehiago jotzeko aukera kentzen diola liburuari:  adibidez, “Mont Blanc asana” eta “Céline Durruti-baithan” atalen arteko ihesaren kontakizuna ebasten zaionean irakurleari. Hau ere ez litzateke arazoa izan behar, berez, baina beste pasarte batzuen hiper-xehetasunerako joeraren ondoan, irakurle honek ezin izan du sentsazio hori ekidin (adibide bat jartzearren: gehiago aipa nitzake).

7. Atentzioa deitu didan zerbait:  formula erretoriko batzuk alde batera utzita, hausnarketa eta eztabaida politikoak nahiko ausente daudela liburu honetan. Atzerri klandestinitateko nobela “poliziako” bat da, baita autoanalisiko erbeste-nobela bat ere (erbeste bikoitza: literaturatik, eta Euskal Herritik; azken alde horretatik lotura argiak ditu, nik uste, Joseba Sarrionandiaren Lagun izoztuarekin), eta, halaber, kartzelako salaketa-nobela bat (Ospitalekoak baino neurri txikiagoan, dena den). Baina ez hainbeste nobela politiko bat. Edo bai, baina isiltasuna dela medio hain zuzen ere.

8. Eta horrek gogora ekarri dit idazle eta (hala ere) adiskide batek aspaldi esaten zidan kontu bat: gure Gauza soineko ideologikoez biluztu, eta mafiako literaturaren edo zinemaren modura konta zitekeela zailtasun handirik gabe. Inpresio hori berretsi dut Mikel Antzak berak aipatzen duelarik, Atzerriko narratzaileak atzetik dituen poliziei iskin egiten dien une batean, The French Connection filmaren eszena bat.

9. Bitxia  egin zait, halaber, nola ez dien “buelta” ematen Atzerrik ETAren inguruko aurreko fikzioen konbentzio literarioei. Egiletzaren kargak horrelako zerbait espero izatera eramango zintuzkeen arren, ez zait iruditu sinesgarriagoHamaika pausoJoan zareteneanKoaderno gorriaBizia loTwist eta, oro har, etakideen inguruko literatura guztiak eraiki duen imajinarioa baino; ezta sinesgaitzago ere, bide batez esanda (agian, insistentziagatik, segurtasunaren inguruko obsesio hori alde batera utzita –baina hori agertua zen jada beste fikzio batzuetan, nahiz eta agian ez horren modu errepikakorrean–). Hots, esango nuke begi bat gehiago dela (Joseba Gabilondok esango lukeen bezala) euskal “nobela terroristaren” kate luzean. Alde horretatik, agian zilegi da galdetzea ea ze puntutaraino imitatzen duen errealitateak artea (kasu honetan euskal literatura). The Sopranos telesailean iradokitzen zen bezala, ez al zuten mafioso italoamerikar “errealek” imitatzen, finean, The Godfather sailaren eta antzeko filmen bitartez plazaratutako estereotipoak?

10. Irakurketa pixka bat zamatu didan (beste) zerbait: une batzuetako erromantizismo gehiegizkoa; egia da Antzari lehendik datorkion joera dela, haren lehenengo ipuin liburuetan ere aurki daitekeena. Baina nago pasarte batzuek irabaziko zuketela (ikaskide poloniarrarena kasu, edo “Atzerri” ataleko hondartzako enkontruarena) baldin eta egileak (orduan bai) elipsiaren erabilera eskuzabalagoa egin izan balu. Ez nuen uste, adibidez, XIX. mendetik aurrera “iduneko perla eder horiek” esapidea erabil zitekeenik, ironiaz ez bada (edo, askoz jota, asmo didaktikoz, “hortzak” adierazteko metaforaren etsenplu bezala alegia).

11. Edonola ere, nobelaren elementu interesgarrienetako bat, zalantzarik gabe, literaturaren inguruko gogoeta da, edo, hobeto esanda, literaturaren ezinaren ingurukoa, narratzaile nagusia den Mikel Antza militantearentzat. Azken finean, nola eta zergatik bihurtzen den bartleby bat, idazle izatearen autokontzientzia sendo, harro eta irmo batetik abiatuta (esaterako “Ebatondoak” atalean, baina ez bakarrik hor). Hala ere, autoanalisi horretan, pixka bat harrigarria egin zait konprobatzea nola idazten jarraitzeko arazo nagusia militantzia edo engaiamendua den (dena eman behar zaiola maite den aberriari, Etsaiari ezin zaiola utzi ahuldadezko zirrikiturik bat ere…), klandestinitatearen eragozpen objektiboekin batera. Sekula ez, ordea (eta hemen 6. puntuan aipatutakoarekin lotura egin nahi nuke), Mikel Antza izatea balizko obra horren egilea, hots, ETAren buruzagi politikoa (Etsaiaren arabera, behintzat) “minaren sozializazioaren” garai betean.Atzerriren narratzaileak ez du uste, agidanean, balizko obra horren irakurlearentzako eragozpen bat denik hori, eta ez da bihurtzen, beraz, literatura abandonatzera eramaten duen arrazoi posibleetako bat (edo, aukera bezala, ezizenez argitaratzera…). Pixka bat deigarria egiten zait hori.

(12. Beste era batean esanda: oso zaila zaidala burutik kentzea nor den egilea –normala dena, hautatu duen narratzaile mota aintzat hartuta–. Eta horregatik esan dut 7. puntuan harrigarri samarra egiten zaidala nobelapolitikoagoa ez izatea, alde horretatik. Edo Josu Muguruzaren hilketa aipatzea, eta erakundeko kide zenbaitena, eta torturak, baina ez Hipercor-eko atentatua, adibidez, edo Emiliano Revillaren bahiketa, edo (ustezko) zenbait trapitxeroen hilketa, edo Gregorio Ordóñezena. Eta arazoa baztertzea, neurri batean, hau idatzita: “Gerran ez dago pertsonarik, helburuak baizik, gutxika-gutxika eraikitzen da sentimenduen inguruan burdinazko jantzia, besteren mina justifikatzeko, norberari egiten diotena erantzunerako erregai bihurtzeko. Gutxitan egiten da benetan negar, malkoz gainezka legoke bestela mundua” –184 orr. –. Ez, ez zait nahikoa iruditu. Mikel Antza ez baita edonor. Eta bai, badakit ez nukeela iruzkin literario bat “kutsatu” behar idazlearen bizitzaren eta hautu politikoaren inguruko kontuekin –horregatik ipini dut puntu hau parentesi artean–. Dakidan bezala Louis-Ferdinand Célineren –Atzerrin hainbeste aipatzen den Céline horren beraren– Guignol’s band edo Féerie pour un autre fois eleberrien inguruko kritika batean ez nukeela, seguru asko, Célineren kolaborazionismoa, antisemitismoa edo faxismoa sobera aipatu behar, horrek ez bailieke obrei meriturik kenduko –edo, esan gabe doa, gehituko–. Baina, aitor dut, zaila egiten zait. Eta konparaketa, gainera, ez da agian guztiz justua. Besteak beste, Célineren erantzukizun maila, bere ideia politikoak gorabehera, ez delako –esango nuke– Mikel Antzarenaren adinakoa. Camilo José Celarena –erregimen frankistarentzat zentsura eta salaketa lanak egindakoa– Dionisio Ridruejorena bezalakoa izan ez zen bezala –azken horrek kargu gorenak izan baitzituen frankismoaren lehenengo urratsetan–. Edo edozein idazle gaullismo-zalerena eta, demagun, André Malrauxena –Aljeriako gerraren garaian ministro izatera iritsi zena–. Edo Antonio Muñoz Molinarena –edo GAL garaiko edozein PSOEren inguruko lumadunarena– eta Jorge Semprún idazle-ministroarena. Eta abar. Nik uste dut idazle horiek karguak okupatu zituzten garaien inguruko fikzioak edo autofikzioak argitaratu izan balituzte, eta haietan mota bereko hutsuneak sumatu izan balitu, kritikak aipatzeko eskubidea izango lukeela. Baina itxi dezadan parentesia, badaezpada ere).

13. Finean, nobelak (nobela bada) konbentzitu ez banau ere, eta eragin dizkidan zalantzak kontuan hartuta ere, esango nuke ematen dituela etorkizuneko Mikel Antzaren lanak irakurtzen jarraitzeko motiboak. Bai behintzat Ospitalekoak leitu ondoren neuzkanak baino gehiago.

(Volgako Batelariaken argitaratuta, 2013ko  urtarrilaren 5ean)

Advertisements

One thought on “Hamabi (edo hamahiru) ohar “Atzerri”-ren inguruan

  1. Nere postekin loturak: Onena iristeke? “Gauzaren” literaturaren norabide berriak | Oharrak & Hondarrak

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s